
Dagoeneko gutxiago falta da Upcycling Gipuzkoaren bigarren edizioaren emaitzak jakiteko. Ekimen honetan parte hartzen du AEGk, eta bigarren urtez jarraian azaroan egingo da amaierako ekitaldia, Aste Iraunkorraren barnean, eta Patroigintza eta Moda zikloko ikasleek looksak aurkeztuko dituzte.
Oraindik orain sortutako kontzeptua da upciclyng, eta zera adierazten du: material birziklagarriak erabiltzea balio handiagoko produktuak egiteko; edo beste modu batera esanda, hondakinak balioa duten objektu bihurtzea. Hori azpimarratu zuen Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok, joan zen apirilean, programa honen bigarren edizioa aurkeztean: «Kontzeptu-aldaketa bat dago oinarrian, non produktu baten bizitzaren amaierak balio duen hurrengoa fabrikatzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Moda Klusterrak bultzaturik, eta Garbera Merkataritza Zentroaren laguntzarekin, AEGren eginkizuna da ehungintzako hondakinak lehengai bezala erabiltzea jantzi berri bat egiteko. Oso gustukoa dugu proiektu hau; izan ere, iraunkortasuna da gure printzipioetako bat moda ulertzeko, transmititzeko eta bizitzeko.
Joan zen apirilean jarri zen Garberan edukiontzi bat herritarrek erabiltzen ez dituzten arropak edo ehun-gaiak biltzeko, prozesu hau abian jartze aldera. Lehenengo edizioan, 2017an, 1.525 kilo ehun jaso ziren, hasierako aurreikuspenak halako hiru. Bilketa-puntu bat eta aldi berean ekiteko dei bat. Izan ere, ekimen honekin hondakinak lehengai bihurtzea bultzatu nahi da, tokiko fabrikazioa bultzatu eta balioa eman moda iraunkorraren industriari Gipuzkoan, Asensioren hitzetan.
Edukiontzia hainbat hilabetez egon da merkataritza gunean, eta bildutako arropa nahiz materiala gure instalazioetan dago. Orain Patroigintza eta Moda zikloko ikasleen txanda da, hondakin hauei bizi berri bat emateko. AEGren aldeko apustua argia da: Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Donostiako Moda Klusterrak moda iraunkorra sustatzen duten ikastetxeak bultzatu nahi dituzte, moda-kontzeptu berri honen erreferente baitira.
Azaroa iristeko irrikan gaude, gure ikasleen proposamenak ikusteko. Laster emango dizuegu horren berri!